Oharrak:ez dago erabilgarri
Familia-harremanak:Gurasoak: Ramon Aldasoro, Anoetako albaitaria, eta Gregoria Galarza, Irunen jaioa.
Tolosan lehen mailako ikasketak egin arren, Bizkaian egin zuen bere bizitza profesionala eta politikoa. Madrilgo Unibertsitatean zuzenbidea ikasi ondoren, abokatu gisa aritu zen Bilbon bere bulegoan. El Sitio Elkarte Liberaleko kide izan zen, baita Eusko Ikaskuntzakoa ere. El Liberal aldizkari bilbotarrean kolaboratu zuen hainbat lanetan.
Bere jarduera politikoari dagokionez, Donostiako akordioan parte hartu zuen, gerora Espainiako bigarren Errepublikaren hazia izango zena. Errepublikaren aldeko hainbat taldetako militantea izan zen: Alderdi Errepublikano Autonomoa, Alderdi Errepublikar Erradikal Sozialista eta, azkenik, Manuel Azañak sortutako Izquierda Republicana. Hego Euskal Herrian Izquierda Republicana sortu zuen, Ernesto Ercoreca Bilboko alkatea izango zenarekin batera, bestak beste. 1931n bigarren Errepublika aldarrikatu eta hiru egunera, Gipuzkoako Gobernadore Zibil izendatu zuten.
Bizkaiko Diputatu izendatu zuten Gorte Konstituziogileetan, koalizio errepublikano-sozialistako kide zela. 1936an gerra piztu zenean, gestio batzuen bidez Echeverría Novoa, Bizkaiko Gobernadore Militarra, Altxamenduaren aurka agertzea lortu zuen. Bizkaiko Defentsa Batzordeko kide ere izan zen. Gernikan, 1936ko urriaren 7an, 8. dekretuaren bidez, José Antonio de Aguirre lehendakariak Aldasoro Merkataritza eta Hornidura sailburu izendatu zuen.
Autonomia Estatutuak eskaintzen zituen eskumenek lagunduta, 1936ko urritik 1937ko ekainera bitartean Fronte Popularrak eta EAJ/PNVk Euskal Gobernu Autonomo bat eratu zuten, herrialdearen bizitzaren erreferente bihurtuko zena maila guztietan, bai gerrako gaietan, bai eguneroko zereginetan ere.
Gerra galduta eta Bizkaia faxisten eskuetan zela, erbesterako bidea hartu behar izan zuen. Eusko Jaurlaritzako sailburu gehienekin batera, Parisera erbesteratu zen. 1938ko azaroan, Jose Antonio Agirre Lehendakariak Ramon Aldasoro izendatu zuen sortu berri zen Hego Amerikako euskal ordezkaritzaren arduradun. Buenos Airesera joan zen, eta Latinoamerikako hainbat estatutan lan egin zuen, Eusko Jaurlaritzaren ordezkari gisa.
Ramón María Aldasoro bakardadean hil zen 1952ko otsailaren 2an Habanan, Kuban, bihotzekoak jota. Kolon hilerriko Euskal Herriko Ongizate Elkartearen Laurac-Bat panteoian lurperatu zuten.
Oharrak:
Uruguay eta Argentinara erbesteratu zen ondoren. Exilioan hil zen.
Webgune honen edukiak zuzendu edo gehitu nahi badituzu gurekin harremanetan jar zaitezke. Proiektu hau zure laguntza gabe ezinezkoa izango litzateke.
Harremana